XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1956an, Jose Antonio Agirre lehendakariak deiturik, Parisen bildu zen Congreso Mundial Vasco delakoak aldi bat itxi egin nahi du eta berri bat ireki. Itxi nahi duena da kanpotik, exiliotik Espainiako erregimena botatzeko borrokak ordurarte zuen lehentasuna, nazioartean onartua izan baita Franco.

Aldi berri baten hasiera ere Pariseko Biltzarrak markatzen du, Euskal Herrian bertan erresistentzia antolatzearena, bertan lan egin beharrarena. Euskalgintza eta kulturgintza estrategikoki bultzatu beharra azpimarratzen da Kongresuan.

Urte berean, Arantzazun, Euskaltzaindiak ospatzen duen gerraosteko lehen Batzarrak ere badu garrantzirik. Euskararen egoeraren diagnostiko beltza egiten da hemen ere. Baina, estrategia diseinatzean, alderdi sozial eta politikoetan barik hizkuntzaren nor kulturalean bilatzen da bidea.

Euskara estandar-aren arazoa lexiko-mailan planteatzen da orain, eta hau da euskara batura daraman bidea. Bide nahasia nahi bada, baina Euskaltzaindiaren gidaritza ezin da ahaztu.

1959an euskal hitzei buruz hartu zuen erabakiak bazterrak astindu zituen, bereziki sabindarren haserrea eta Orixerena, bakoitza bere aldetik. Eta gero, 1964an Baionan bildutako idazleek egindako proposamenen arrakastak, 1968an euskara batuaren eredua ofizialki planteatzera eraman zuen Euskaltzaindia, atzera Arantzazun.

Arantzazun baita ere, urte berean eta gainera Euskaltzaindiaren Batzarrerako hain zuzen, Jakin aldizkaria sortzen da. Jakin da, agian, gerraosteko lehen belaunaldi autonomoaren ibilbidea egokien islatzen duen organoa, 1969 bitartean.

Pentsamendu-aldizkaria da, ez literarioa, orduko gehientsuenen antzera; euskara modernizatzean Orixerekin hautsi eta eredu berriak proposatzen ditu; Europako korronteetara begira jartzen da.